GOSPEL ZIKLOA · KONTZERTUAK
Goiko Gela
Elvis Gospel
Ikuskizunari buruz
Elvis Gospel Goiko Gela taldearen proposamena da. Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa, Santi Romano eta Karlos Etxanizek osatutako taldeak Elvis Presleyren alderdirik pertsonal eta zirraragarrienetako bati egiten dio omenaldia: gospel musikarekin izan zuen harreman sakonari. Haurtzarotik, musika-genero horrek berebiziko garrantzia izan zuen haren bizitzan eta ibilbide artistikoan. Horren erakusgarri da bere ibilbidean irabazi zituen hiru Grammy sariak gospel musikarekin lotutako interpretazioengatik jaso izana.
You’ll Never Walk Alone, Amazing Grace eta How Great Thou Art bezalako klasiko handien bidez, Goiko Gelak ondare hori berreskuratzen du, ahotsen indarra, harmoniak eta emozioa uztartzen dituen ikuskizun batean. Rock and rolletik harago, Elvisen alderdirik espiritualena eta benetakoena ezagutzeko aukera paregabea da, haren pasio musikal handienetako batera hurbilduz.